Zuloagatarren parkean umeentzako jolasak berrituta
Zuloagatarren parkeko umeentzako jolasak berritzeko eta modernizatzeko lanak bukatuta daude. Lehiaketa publikoan lanen esleipena lortu zuen Industrias Agapito enpresa duela egun batzuk hasi zen berritze-lanekin, eta orain, lanak bukatuta, irekita dago parkea, erabiltzeko moduan. Gainera bere itxurak hobera egin du izugarri; izan ere, umeak parke berria ikusita aho zabalik geratzen dira, jolas berrietan ibiltzeko irrikaz.
Hauexek dira bertan jarri diren jolasak: jolas anitzeko egitura, hiruki itxurako lau dorre eta beste hainbat jolas dituena, hala nola, sigi-sagan doan arrapala, zintzilik dauden mailez osaturiko zubia, soka bidezko zubia, pasabidea rokodromo eta sarearekin, arrapala mugikorra eta txirrista. Horiez gain, beste hauek ere jarriko dituzte: gora egiteko egitura bat, kulunkan egiteko malgukidun figura bat eta habi itxurako zabua. Azken hau badago herriko beste hainbat parketan, eta umeak oso gustura ibiltzen dira bertan.
Jolas berri hauetan 2-14 urte bitarteko umeak ibil daitezke.