Jendeak harrera ona egin die padel pista berriei.
Unbeko padel pista berriek jende ugari hartu dute zabaldu zirenetik hona, hau da, azken bi hilabete hauetan. Urtarrilean zehar 964 izan ziren instalazio berria probatzera gerturatu ziren pertsonak. Otsailean askoz jende gehiago joan zen: 1324 izan ziren hile horretan pista biak erabili zituztenak.
Padel pistak erabiltzeko ,aurretik beti gorde behar da ordua. Astelehenetik ostiralera, iluntzeko 7etatik aurrera, urteko erreserba duten taldeak izaten dira pista horiek erabiltzen dituztenak. Ostera, goizetan, arratsaldeko 3rak arte, Udal patronatuko bazkideek doan erabil ditzakete pistak. Asteburuetan ez da jende asko joaten, batik bat domeketan, beraz, kirol diziplina hori oraindik probatzeke bazaude, horra hor aukera: asteburuetan padela.
Padel pista berriak eta tenis pista abenduaren 9an inauguratu ziren. Horren kostua 750.000 eurokoa izan da, 2009ko Toki Inbertsioetarako Estatuaren Funtsak finantzatutakoa.
Kirol jarduerei buruzko gustuak aldatzen joan dira eta udal honek modalitate honen alde egin duen apustua horretan oinarritu da. Horretarako tenis pista bat kendu zen, haren lekuan padel pista bat jarrita eta tenis eta padel pistei teilatua ipinita.