Horrela Eibarko udalak bere gobernu-programan (2007-2011) jasotakoa bete egiten du, programa hartan familiendako laguntza hori hedatzeko asmoa islatzen baitzuen. Udal erroldaren estatistikek jasotzen duten bezala, aurtengo urtean laguntza hori jasoko dutenak 1200 ume eta gazte inguru izango dira.
Laguntza-kopuruaren igoera horri aurre egiteko, 2010eko aurrekontuetan 180.120 euroko kontu-sail bat jaso da (2009. urtean baino 77.000 euro gehiago). “Umeak Eskolara" programa 2000-2001 ikasturtean jaio zen, eskolarako materiala, kirol materiala, arropa, oinetakoak... erosten laguntzeko. Laguntza jasotzeko derrigorrezkoa dena da artikulu edo gauza horiek gure herriko dendetan erostea. Gehieneko zenbatekoa 60,10 eurokoa da gazte edo ume bakoitzeko.Martxan jarri zenetik 16.131 eskaera onartu dira.